2014/10/13

EBOLA

GAUR, EITB-EN DANOI IKARATZEN GAITUEN GAIXOTASUNARI BURUZKO ALBISTE BAT...


Afrika inoizko ebola izurrite larriena pairatzen ari da. Gizakiak ezagutzen duen gaixotasun hilgarrienetako bat da.



Inoizko ebola izurrite larriena eta hilgarriena pairatzen ari dira une honetan Afrikan, bai hildakoen kopuruari dagokionez, bai hedapen geografikoari erreparatuta. Hauek dira gaixotasun hau ulertzeko hamar gako:
1.- Zer da? Birus bat da ebolaren eragilea, eta bost mota daude: Sudan, Zaire, Reston, Côte d'Ivoire (Boli Kosta) eta Bundibugyo. Horietatik, Sudan, Zaire eta Bundibugyo motek izurrite handiak eragin dituzte Afrikan.
Birusak eraldatu egiten ditu zelula endotelialak, hau da, odol-hodien barne-azala estaltzen duten zelulak. Odol-hodiei kalte egiten dienez, plaketak ezin dira gatzatu, eta gizakiek shock hemorragikoa izaten dute, odol ugari galduta.
2.- Noiz agertu zen? Ebolaren birusa 1976. urtean atzeman zuten aurrenekoz, Nzara (Sudan) eta Yanbuku (Kongo) herrietan aldi berean jazo ziren bi izurritetan. Bigarren herri hori Ebola ibaitik gertu dago; hortik dator gaixotasunaren izena.
3.- Izurriteak: Oraingoa kontuan hartu gabe, aurreko izurrite larriena 2000. urtean jazo zen, Ugandan. 400 pertsona kutsatu ziren, eta horietatik 170 hil ziren.
Batez ere Afrikako oihan tropikaleko herrixketan jazo dira izurriteak.
4.- Nola kutsatzen da? Birusa animalia basatietatik gizakietara igarotzen da, eta, gizakien artean, gaixorik daudenen odola, likido organikoak edo ehunak ukituz kutsatzen da.
Gizakientzako infekzio iturri nagusia tximinoak izan dira, baina Pteropodidae familiako saguzarrak dira birusaren eroale naturalak.
5.- Sintomak: Sukar handia eta bat-batekoa; ahultasuna; mina muskuluetan, eztarrian eta buruan; oka egiteko gura; diarreak eta zauriak larruazalean.
6.- Noiz ditugu lehen seinaleak? Oro har, 5 eta 10 egun artean pasatzen dira gaixotasuna kutsatzen denetik lehen sintomak agertu arte. Dena dela, kasu batzuetan 2 eta 21 egun artean igaro dira.
7.- Diagnosia: Batik bat gernuan azterketa eginez egiten da diagnostikoa. Gernu lagin horiek oso kutsakorrak dira, eta, beraz, kontu handiz kudeatu behar dira.
8.- Tratamendua: Oraindik ez dago ebolaren aurkako tratamendurik, baina txerto batzuk probatzen ari dira.
9. Pronostikoa: Ebola gizakiak ezagutzen duen gaixotasun hilgarrienetakoa da. Heriotza tasa % 25-90ekoa da. Lehen sintomak agertzen direnetik gaixoa hil arte 2-21 egun igaro litezke.
10.- Prebentzioa: Hainbat sendagai probatzen ari dira, baina oraingoz ez dago ebola prebenitzeko txertorik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario